Erretratua ikusita nekez esango geunke Galdakao dala hor ageri dan herria,
ezta? Orain 81 urte ataratako erretratua da; hain zuzen be, 1937ko bagilaren
16an. Asko aldatu dira inguruak ordutik.
Argazkia aurrez-aurre daukagula, ezkerretara Plazakoetxe ikusten da, eta
eskoian, Zugutzu. Dinamita enpresa ezaguna be hor dago. Hiru tximinia dagoz,
ketan, beharrean. Tximinia handiaren aurrean, eskoitara, tren-geltokiaren
teilatua ikusi leike, eta aurrean Etxezuria esaten eutsien baserria. Eta,
nondik egin eben argazkia? Ba, Tximelarreko biltegitik seguruena.
Faxistak aurreko egunean, bagilaren 15ean, sartu ziran Galdakaon. Dinamitak
ez eban produkzinoa geratu egun horretan, antza danez. Egun berean beste
hainbat erretratu atara ebezan faxistek, Galdakaon sartzen ageri diran
erretratuak. Horreetako bat Binke!-ren garagarrileko zenbakian erakutsi
genduan.
Galdakao leku estrategikoa zan Francorentzat, Burdin Hesiaren giltza zan
euren eritxiz, eta ganera, Bilbora sartzeko aurreko pausua be bazan. Baina,
beste arrazoi bategatik be bazan gure herria estrategikoa: gerrako
industriagaitik.
Gerra egiteko, eta egiten segiduteko, lehengaiak behar dira, eta lehengaiak
lantzeko fabrikak bere bai. Armak behar dira, munizinoa, tresneria... Galdakaok
baeukan gerrako industria geitzen dan hori: La Cantabrica eta La Dinamita
enpresak.
Akaso horregaitik, Zugutzu auzunea bonbardau arren, fabrikeari ez eutsien
kalterik egin. 1937ko apirilaren 24an kanpoko pabilioiak bonbardau ebezan, eta
tren-geltoki ondoko etxebizitza batzuk bere bai. Lau lagun hil ziran egun
horretan.
Hilabete batzuk beranduago, bagilaren 11n, Galdakaoko industria biak
nazionalen esku geratuko ziren susmoa hasi zan zabaltzen. Tropa faxistak gero
eta hurrago egozan. Hainbat material Bilbo aldeko meatzetara eroatea erabagi
zan, trenez. Bolborea eta lehergailuak bialdu ebezan, nazionalen eskuetan ez
geratzeko. Bagilaren 14an, makinak eta lehengaiak kamioietan sartu eta
Galdakaotik ataraten ahalegindu ziren, baina ezin izan eben. Berandu zan.
Hurrengo egunean, 15ean, faxisten esku egoan gure herria, eta gure lantegiak
euren esanetara.
Testua: Nagore Ferreira Zamalloa – Galdakao Gogora
Argazkia: Espainiako Liburutegi Nazionaleko
argazki-artxiboa
Binke! aldizkarian argitaratua, 2018ko abenduan
No hay comentarios:
Publicar un comentario