miércoles, 8 de febrero de 2017

Gangurenen argiak eta itzalak



 En 1938 se inició la repoblación de la zona conocida como El Vivero, con el trabajo de los prisioneros de guerra del Campo de Concentración de Deusto. Los presos pasaron grandes penurias, hasta que un año más tarde terminaron los trabajos. Cuando disfrutes por esas laderas, recuerda que se las debemos, en parte, al sufrimiento de aquellas personas forzadas a trabajar.

1927ko planoa (Bizkaiko Foru Aldundia)


Galdakaoko biriki garrantzitsuenetakoa dira Ganguren, Santa Marina eta mendilerro osoko mendi-hegalak. Baso-bide ugari daude aldats goran, eta apurka-apurka makinatxo bat arbola mota dituen basoan sartzen gara.

Orain 90 bat urte, hemen zeukan Bizkaiko Foru Aldundiak bere baso-barrutirik zabalena, Artxandik Padrolarainokoa. Denetara 500 hektarea eta milioi 2 zuhaitz zituen esparruak. Horrexegatik deitzen zaio gaztelaniaz “Vivero”, bere jatorrizko izena Ganguren izan arren. 

Gerra sasoian, baina, defentsarako eraikuntzek eta armada frankistek jaurtikitako bonba su-eragileek kalte ugari eragin zituzten aberastasun guzti honetan.

1938ko urtarrilaren 20an, eskualdeko erakundeak baso hauen eta beste batzuen basoberritzea egitea erabaki zuen. Behar hori Deustuko Kontzentrazio Esparruko gerrako presoek egitea pentsatu zuten, eta horrela eskatu zioten Gobernadore Zibilari.

Beharra merke egingo zuten presoek; izan ere, beste beharginek baino errendimendu txikiagoa bazuten ere, pezeta 1 ordaintzen zitzaien eguneko, eta peoiei 8, 75 pezeta. Askozaz merkeagoa zen, beraz, presoen lana, besteen seirena edo. Baldintzak sano gogorrak ziran, hala ere. 1938ko udan hasi ziren beharrak, eta hurrengo urteko abuztuaren 29an amaitu zituzten.

Kanpamendua Elorritxuetan antolatu zuten, han zeuden biltegi bat eta oilotokia konpondu zituzten, gaur egungo frontoiak eta aisialdi-gunearen alboan. Geroago, “Base Gorria” egon da hor eta gazte immigranteentzako harrera zentroa ere bai.

30 eta 45 laguneko taldeak egoten ziren lanean, basozainen gidaritzapean. Baina zaintza lanak Galdakaoko Falange Espainiar Tradizionalistako (gaztelaniaz, F. E. T.) eta Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzarretako (gaztelaniaz, J. O. N. S.) Tokiko Buruak izendatutako Falangeko Erreketeetako kideen ardura zen.

1938ko azaroaren 17an, Deustuko Kontzentrazio Esparrutik Euskal Herriko presoak handik ateratzeko agindu ailegatu zen. 19 preso ziren, eta “Bizkaitik kanpo” sakabanatzeko agindu zuten.

Lekua ez zen aproposa, ezta baldintzak ere. Osasun-ikuskapen batean salatu zenez, han ez zegoen 45 laguntzeko leku nahikorik, sueteko kea arnasten zuten eta teilatutik ura sartzen zen.

Presoak bueltatzeko agindua. 


Gainera, 11 presok oinetako guztiz eskasak zituzten, eta jatekoa “ ez zen nahikoa, ez kantitatez ez kalitatez”, Kontzentrazio Esparruetako Ikuskaritzaren arabera. Atera kontuak, eurek esanez gero...

Bost presok sarna zeukaten, eta 38ko azaroan beste bi handik atera behar izan zituzten gaixorik zeudelako. Hain egoera gordinean, baina, dirua zeukanak baimena zuen baso bat ardo hartzeko janariarekin, eta tabakoa edukitzeko ere bai.

Presoek hamaika lan egin behar izan zituzten: metrailak kaltetutako pinuak ebaki (ostean, saldu egingo ziren, merkeago egiteko), sasitza kendu, 30.000 zulo egin arbolak landatzeko, bideak garbitu, suebakiak egin, eta baita orduan Elorritxuetatik Santo Domingoraino joian kaminoko zuloak konpondu ere

Hau guzti jakinda, mendi-magal hauetan zaudenean, gogora ezazu, zati handi baten behintzat, Deustuko Kontzentrazio Esparruan lan egitera behartutako presoen sufrimenduari zor diogula.

(Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoan batutako informazioa)

Egileak: Kepa Lizarraga Sainz-Nagore Ferreira Zamalloa (Galdakao Gogora)