martes, 23 de octubre de 2018

600 gizon gazte


1936ko uda hasieran nork esango leuke gerrea hain hur egoala? Giroa nahasteta egoan, hori bai, baina gerrea, hainbesterako? Erretratu honeetako gazteek, seguruenik, ez.


Galdakaoko gazte talde bat, frontera joan baino lehen. 

Estatu kolpe frankistea garagarrilaren 18an izan zan. Espainiako armadako militar horreek ez eben ebezan euren asmoak bete, eta Espainia zatibitu egin zan. Hego Euskal Herrian ere gauza bera jazo zan.
Altxamendu militarreran ostean, alderdi politiko eta sindikatu guztien erantzuna ez zan bera izan; batzuek beste batzuek baino denpora gehiago behar izan eban Erepublikaren alde egiteko. Dana dala, garagarrila eta abuztu bitartean alderdi, talde zein sindikatuak euren unidade militarrak antolatzen hasi ziren. Bizkaianbere bai.
                                                                                                                  
Galdakaotik 600 bat gizon joan ziren frontera, Euskadiko Artxibo Historikoan topatutako agirien arabera. Gitxik euken esperientzia militarra. Asko eta asko gazte-gazteak ziren, 18 urte eskas eukezan gazteenek eta 45 zaharrenek.
Frontera joan orduko ohitura euken zan, antza danez, erretratua ataratea, herrian bertan; batailoian izena emondako beste kide batzuekaz, lagunekaz, auzokoekaz, etxekoekaz… Emakumeak be ageri dira batzuetan, batailoi edo konpainiaren izena daroan ikurriña eusten dabela.
Argazkian, batzuk serio, beste batzuk irriparrez; batek be ez daki zer dan gerrea, zer dan bonbardaketa bat, zer dan laguna alboan tiroz hilten ikustea, odolostutako gorpuak han eta hemen… Laster jakingo dabe.
Orain 80 urte Galdakaok 7.000 biztanle besterik ez zituen, 600 gizon gazteren faltea igarriko zan, beraz. Euretako batzuk ez ziran etxera bueltatu, ganera: frontean hil ziren, erbestera joan ziren... Galdakaora bueltatu ziren dan-danak, hori seguru, ez ziren erretratu honetako gazte alaiak.

Oharra: argazkiko pertsonetakoren bat ezagutzen badozu, edo zeozelango informazioa baduzu, esaiguzu: galdakaogogora@gmail.com
Eskerrik asko!



Testua: Nagore Ferreira Zamalloa – Galdakao Gogora
Argazkia: Juan Zamalloa Arriagaren familia

Testu hau Binke! aldizkariko 31. zenbakian argitaratu da, 2018ko urrian. 

lunes, 8 de octubre de 2018

XYZ lerroa, beste “burdin hesiak”

En la guerra del 36 se construyeron varias líneas de defensa, con trincheras, bunkers y refugios, además del llamado Cinturón de Hierro que tan bien conocemos. La Línea XYZ, en Valencia, es ejemplo de ello.
Sarritan gertatzen zaigu defentsa lerroak aipatzen ditugunean, Bilboko Burdin Hesia deitzen dena etortzen zaigula burura. Gogoratu, dena den, izen hori, “Burdin Hesia”, kolpisten aldeko komunikabideek ipini zioten, euren lorpenari garrantzi handiagoa emateko.
1936ko gerran, baina, izan ziren beste defentsa lerro batzuk, nazionalen erasoei aurre egiteko eraiki zirenak. Horietako bat Valentzia aldean dago.
XYZ lerroaren kokapena. 
Estrategikoki garrantzi handiko zonaldea zen: Castello, Sagunto, Valentzia eta Alacanteko portuak, errepideak eta trenbideak penintsulako barnealdera, eta abar. Gainera, bertatik irteten ziren hainbat bitarteko eta pertsona gerrako hainbat frontetara.
1936ko azaroaren 7an, Valentziara eraman zuten Errepublikako Gobernua. Beraz, inguru horiek defendatzeko arrazoi gehiago zeuden. Lubakiak eraiki zituzten, baita aterpeak, fortifikazioak edo bunkerrak ere, eta “blocao” deitzen zituztenak, hormigoiz eta lurrez betetako zakuekin.
Bilbo inguruan egindako Burdin Hesiaren aldean, bazuen alderik XYZ lerroak: ez ziren defentsa lerro jarraiak, baizik eta, Maestrazgo zonaldeko orografia aprobetxatuz, “sakonean” egindako lubaki eta defentsak. Era horretan, leku garai horiek oso gaitzak ziren blindatuentzat, eta ezinezkoak infanteriarentzat.
Guk Bilbo aldean, eta Galdakaon, ezagututako defentsa lerroak airez errez ikusten ziren, baina XYZ lerrokoak ez, ostera. Lerro honen zati asko lur azpian zeuden edo ondo kamuflatuta, beraz Kondor Legioak eta abiazioa italiarrak ez zuten hemen egin zuten besteko kalterik egin ahal izan.


Lerro luzea zen, Valentzia, Castello, Alacant, Albacete eta Terueleko lurretatik pasatzen zen. Hegazkinen kontrako defentsak ere bazituen.
Lehenengo lanak 1936an egin ziren, eta hurrengo hiru urteetan eraikuntzak hobetu zituzten, gerraren nondik norakoen aldaketetara egokitzeko. Kostaldea babesteko, eta nazionalen tropak lurreratu ez zitezen, hainbat bateria ipini ziren, Castello, Sagunto, Valentzia, Xabia eta Alacanteko portuetan, eta batzuetan 20 kilometro itsasoan barrena heltzen ziren handik botatako jaurtigaiek. Barruko alderantz beste lerro batzuk sortu ziren, “Almansa lerroa” edo Portitxolekoa, esaterako. 
1938ko ekainean Errepublikarrek Castello galdu zuten. Valentzia nazionalez babesteko beharrizan handia zegoen, eta orduan hasi zen XYZ lerroa eraikitzen. Matallana lerroa ere esaten zioten, Manuel Matallana izeneko jenera arduratu baitzen bere defentsaz, zazpi dibisiorekin. 5.500 lagun inguruk egin zuten behar eraikuntzan.
1938ko ekaina eta uztailean Lacar eta Montejurra Tertzioek, Euskal Herriko lurren konkistan parte hartu zuten berberek, Legioak, San Martzialek… gogor erasotu zituzten defentsa horiek. Lerroaren zati handi bat lurrazpian zegoenez, errepublikarrek eustea lortu zuten.
Azkenean, estrategia aldatuta, tropa frankistak 1939ko martxoaren 29an heldu ziren Valentziara, beste bide batzuk jarraituta.

Egileak: Nagore Ferreira Zamalloa –Kepa Lizarraga Sainz / Galdakao Gogora