domingo, 6 de diciembre de 2020

Kontxi Belandia Lekue, gure memoriaren jagole finari, agur

Eguenean, hilaren 3an, Euskerearen Egunaren barruan, Kontxi Belandia Lekue, amama Kontxi, omendu eben Galdakaoko hainbat alkarte eta taldek, Udalagaz batera. Torrezabalen izan zan ekitaldia, bertsoz, musikaz, irudiz betetako ekitaldia hunkigarria izan zan benetan be. 

Galdakao Gogora be bertan izan zan, Kontxi gure informatzaile eta jarraitzale kuttunetakoa zan eta. Ondoko testutxu hau leidu eban Nagore Ferreira Zamalloak alkartearen izenean: 

Galdakao Gogorak hasikera-hasikeratik izan eban Kontxi alboan, lehenengo momentutik. Geitu geuntson bakotxean, beti  egoan prest; prest berba egiteko, prest parte hartuteko… beti, eskuzabal, eta beti emoteko prest.  

Nahiz eta guk, berez, bere umezaroko eta gaztaroko bizipen gogor eta gordinak gogoratuarazoten eutsaguzan. Eta halanda be, ez genduan egundo ezezkorik jaso. Eta hori eskertzekoa da.

Makinatxu bat gauza kontau euskuzan Kontxik urteetan: gerrea bera zelan bizi izan eban, Frantziara hiru urterako joan beharra, hango familiagaz bizi izandakoak, etxera bueltau eta ezebe barik topetea, kriada ibillitako sasoia… hainbat eta hainbat kontu. Eta gogorrenak  be, horrek be, beti irriparrea ezpainetan eukala kontau euskuzan.

Baina, gure informatzaile kuttunetakoa izateaz aparte, Galdakao Gogorak Memoriaren Astean antolatutako berbaldi eta erakusketa dan-danetara etorri jakun, eta beti lehenengo illaran. Beti parte hartuteko prest, galderak eginez, iruzkinak…

Orain urte bi, barriz, emakumea eta memoria izan genduzan aztergai gure Memoriaren Astean, eta entzule eta informatzaile izatetik hizlari eta protagonista izatera pasau zan arrasti horretan. Amaieran ikusiko doguz egun horretako irudiak eta sarritan kantetan eban kantatxu bat be bai.

Aprillean joan jakun Kontxi, eta oraindino ezin sinistuta gagoz, edozein momentutan kalean beragaz topo egingo dogulakoan. Alai eta umoretsu, beti prest, beti lehenengo lerroan, halantxik gogoratuko dau Galdakao Gogorak Kontxi. Eta beti kantari, eta beti “Iufiiii!” esanez.

Halandaxe, Galdakao Gogoraren izenean, Kontxi Belandia Lekue, gure memoriaren jagole finari, agur.


Eta, amaieran, 2018ko Memoriaren Astean antolatutako Emakumea eta Memoria mahainguruko irudiekaz alkarteko Kepa Lizarragak ikus-entzunezko hunkigarria ondu eban.