Konturatzen ez bagara be, Galdakaon oraindino agerian
dagoz 1936ko gerrako makinatxu bat zauri. Horreetako bat Plazakoetxen erakusten
deusku Ibaizabal errekeak, ur-etorri txikia daukanean. Han, Plazakoetxeko zubi
zaharraren zutabeak ikusten dira, Zugutzuko aldean.
1937ko bagilean errementarazo eben zubia, tropa
frankistei Bilborako bidea gatxago egiteko. Bagilaren 15ean hartu eben
nazionalek Galdakao, eta erretratu hau hurrengo egunean egin zan,
Tximelarretik. Zubia txiki-txiki eginda ikusten da, eta atzerago
Torrezabalekoa, ostera, osorik. Torrezabaleko zubi hori erabili eben frankistek
Upo mendiraino ailegetako, eta holan iges egiterik euki ez eben tropa
errepublikarrak Artetan inguratu ebezan.
Galdakao Gogorakook batu doguzan lekukotzen arabera,
Santotxikerra baselizaren ondoan nazionalek 20 bat lagun fusilau ebezan, han
bertan. Zaurituak ziran danak, defendiduteko aukerarik be ez eben euki, ezta
epaiketarik, ez ezebez. Hareen gorputzak han bertan geratu ziran, lurperatu
barik.
Behin Galdakao hartu ebenean, frankistek segiduan hasi
ebezan atxiloketak eta epaiketa sumarisimoak. Areatzan jaio, baina Galdakaon
bizi zan Damian Olea Atutxa izan zan atxilotuetako bat. Dinamitan egiten eban
behar eta UGT sindikatuko afiliaua zan. Plazakoetxeko zubia berak leherrarazo
ebala-eta atxilotu eben. 1937ko abenduaren 18an heriotza zigorra ezarri
eutsien, ezelango frogarik egon ez arren, epaiketako agirietan ikusten dan lez.
Azkenean ez eben fusilau, Valentin Mandaluniz Ealok
azaldu ebanez, astuariarrak izan zirelako leherketaren arduradunak. Hogeita hamar
urte be ez eukazan Valentin gazteak ez eban halango zorterik izan, eta Derion
fusilau eben bera, irailean, “rojo separatista” izatearren. Damiani hil arteko
kartzela zigorra ezarri eutsien.
Aurrerantzean, zubi honeen inguruetatik pasaukeran, beste
modu batera ikusiko dozuz oraindino han ikusten diran zubi zaharraren harri
zaharrak. Historia asko daukien harriak dira, geure herriaren historia, azken
baten.
Argazkia: Espainiako
Liburutegi Nazionaleko artxiboa
Testua: Tomas
Madina Etxebarria – Nagore Ferreira Zamalloa / Galdakao Gogora
No hay comentarios:
Publicar un comentario