Mostrando entradas con la etiqueta Binke!. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Binke!. Mostrar todas las entradas

domingo, 1 de diciembre de 2019

Bost galdakoztar Erorien Haranean

Hainbat urteren ostean, Erorien Harana eta Francisco Franco diktadorea gaurkotasun
handiko gaiak izan doguz asteotan.

Gerrako presoek eregi eben Erorien Harana, 1940tik 1958ra bitartean. Monumentua
“Gurutzadako heroi eta martirien” omenez edegi zan, eta hantxe hilobiratu ebezan
Francoren alde, nazionalekaz, hildakoak.

Baina, handik denpora batera, gerran hildako errepublikazaleen gorpuak ere eroan
ebezan Erorien Haranera, gehienetan familiei ezer esan barik eta euren borondatearen
kontra.



Basilikako kriptak 1959an inauguratu ziran; ordurako 8.746 gorpu egozan han.
Azkenengo gorpuak 1983an sartu ebezan. Edozelan be, 33.833 gorpu ei dagoz
lurperatuta gaur egun, eta horreen artean, 12.410 identifikatu barik. Tartean hainbat
euskal herritar dagoz, Errepublikaren alde zein kontra burrukan ibilitakoak.

Bizkaiko Artxibategi Historikoan, 1952ko agiri batean jasoten danez, bost galdakoztar
dagoz lurperatuta Erorien Haranean. “Gurutzadan” hildakoak ei dira, “martiriak”, eta
euren etxekoek baimena emon ei eben gorpuak hara eroateko.

Bost galdakoztar honeek nazionalen aldean egin eben burrukan, baina ezin jakin ziur
euren borondatez edo kontra egin eben. Izan be, jakin badakigu, 1937ko bagilean,
Galdakao hartu ostean, nazionalek hainbat gizon gogoz kontra mobilizau ebezala, eta
frontean euren alde burrukan egitera derrigortu. Aukera bi emoten eutsiezan: han
bertan tiro bategaz hil edo frentera joan.



Etxekoek Erorien Haranera eroateko baimena emon ebela dinoe agiriek, baina hori be
ez da guztiz adierazgarria, izan be nor ausartu ezetz esatera sasoi hareetan?
Eta posible da aitatzen diran bost galdakoztarrez aparte, gehiago egotea be. Gorpu
asko dagoz-eta izen barik eta edozelan lurperatuta. Ia, berandu bada be, familiek
aukera daukien oraingoan etxekoen gorpuak berreskuratu eta eurak gura daben
lekuan eta moduan lurperatzeko.





Egilea: Galdakao Gogora elkartea

domingo, 14 de abril de 2019

Zubi baten historia

Konturatzen ez bagara be, Galdakaon oraindino agerian dagoz 1936ko gerrako makinatxu bat zauri. Horreetako bat Plazakoetxen erakusten deusku Ibaizabal errekeak, ur-etorri txikia daukanean. Han, Plazakoetxeko zubi zaharraren zutabeak ikusten dira, Zugutzuko aldean.
1937ko bagilean errementarazo eben zubia, tropa frankistei Bilborako bidea gatxago egiteko. Bagilaren 15ean hartu eben nazionalek Galdakao, eta erretratu hau hurrengo egunean egin zan, Tximelarretik. Zubia txiki-txiki eginda ikusten da, eta atzerago Torrezabalekoa, ostera, osorik. Torrezabaleko zubi hori erabili eben frankistek Upo mendiraino ailegetako, eta holan iges egiterik euki ez eben tropa errepublikarrak Artetan inguratu ebezan.


Galdakao Gogorakook batu doguzan lekukotzen arabera, Santotxikerra baselizaren ondoan nazionalek 20 bat lagun fusilau ebezan, han bertan. Zaurituak ziran danak, defendiduteko aukerarik be ez eben euki, ezta epaiketarik, ez ezebez. Hareen gorputzak han bertan geratu ziran, lurperatu barik.
Behin Galdakao hartu ebenean, frankistek segiduan hasi ebezan atxiloketak eta epaiketa sumarisimoak. Areatzan jaio, baina Galdakaon bizi zan Damian Olea Atutxa izan zan atxilotuetako bat. Dinamitan egiten eban behar eta UGT sindikatuko afiliaua zan. Plazakoetxeko zubia berak leherrarazo ebala-eta atxilotu eben. 1937ko abenduaren 18an heriotza zigorra ezarri eutsien, ezelango frogarik egon ez arren, epaiketako agirietan ikusten dan lez.
Azkenean ez eben fusilau, Valentin Mandaluniz Ealok azaldu ebanez, astuariarrak izan zirelako leherketaren arduradunak. Hogeita hamar urte be ez eukazan Valentin gazteak ez eban halango zorterik izan, eta Derion fusilau eben bera, irailean, “rojo separatista” izatearren. Damiani hil arteko kartzela zigorra ezarri eutsien.

Aurrerantzean, zubi honeen inguruetatik pasaukeran, beste modu batera ikusiko dozuz oraindino han ikusten diran zubi zaharraren harri zaharrak. Historia asko daukien harriak dira, geure herriaren historia, azken baten.

Argazkia: Espainiako Liburutegi Nazionaleko artxiboa
Testua: Tomas Madina Etxebarria – Nagore Ferreira Zamalloa / Galdakao Gogora