Mostrando entradas con la etiqueta Galdakao Gogora. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Galdakao Gogora. Mostrar todas las entradas

martes, 29 de septiembre de 2020

Galdakao 'askatu' ebeneko jaiak


Aurtengo Santa Kurtzetako jaiak ez doguz zati baten ahaztuko. Bagilean jakin genduan bertan behera geratuko zirela, Covid-19-k eragindako egoerea dala eta. 2020a, beraz, jai bakoa izan da. Orain 82 urte, hain zuzen be, beste arrazoi guztiz diferenteekaitik baina, 1938an, nekez ahaztuteko jaiak egin ebezan be. 

Galdakao “askatu” eben lehenengo urteurrena zala eta, egun biko ospakizunak antolatzea otu jakon orduko Udalari. Jaiek ospakizun eta ondo pasetako atxakia baino, bestelako helburua euken, jakina. Herritar gehien-gehienak Errepublikaren aldekoak izanda, edozein zala euren alderdia, faxistak Galdakao hartu eben eguna ospatzea zigorra zan, zigorraren ganeko zigorra, eta hildakoen memoria laidotzea. 

Errepresinoa, erbestea, fusilamenduak, gosea eta bildurra nagusi herrian, eta ganera “Galdakaoren askapena”ren urteurrena ospatu beharra. 



Irudiotan, 1938ko "jaien" egitaraua, eta 1937ko bagilaren 16ko irudia, nazionalek ataratakoa, herrian sartu zirenean. (Espainiako Liburutegi Nazionaleko argazki-agiritegia)

Jaiak bagilaren 14 eta 15ean egin ziren. Iruñeko Reketeen Bandeak edegi ebazan “ospakizunak” arrastiko zazpiretan. Emonaldiaren ostean, errosarioa errezetan joateko gonbitea egin eben Elexalden. Eta amaitzeko, urtebete lehenago Francoren tropak herrira sartu ziren simulakroa egin eben, eta herritarrak be parte hartzera animau ebezan.

Hurrengo eguna be eleizan hasi eben, parrokian, goizeko zortziretan; eta, hamarretan, Santa Barbarako landan, kanpainako mezea. Tropen desfilea etorren gero, eta amaieran, “Galdakaoko martirien” omenezko monumentuaren inaugurazinoa. Francoren aldeko martiriak ziren, bai. Eguerdian, Iruñeko Reketeen Bandearen emonaldia atzera be, bazkaria eta “aberriaren sendotzearen aldeko” berbaldia. 

Ez daigun ahaztu, Galdakao lorpen handia izan zala nazionalentzat. Leku estrategikoa zan, Burdin Hesiaren giltza, eta Bilbora sartzeko bidea. Horregaitik egozan hain harro, eta horregaitik ospatuarazo eutsien Galdakaoko biztanlei urteurren zital eta lotsagarria. 


Testua: Nagore Ferreira Zamalloa – Kepa Lizarraga  Sainz (Galdakao Gogora)



*Oharra: Artikulu hau Binke! hilabetekariaren 2020ko iraileko zenbakian. 

domingo, 14 de abril de 2019

Begiradak

Gerrea hur egoan, ate joka, eta 1936ko bagilaren 15ean sartu zan bete-betean gure herrira. Francoren tropak harro eta pozarren egozan, Galdakao lorpen handia zan, eta Bilbo hantxe bertan egoan.
Askorentzat euren bizitzako egunik gordinenak hasteko egozan. Nazionalak herrian sartu ziranean hasi zan errepresinoa, atxiloketak, jazarpena... Inuntziaga txaleta behin-behineko kartzela bihurtu eben. Gaur egungo Iturrondo plazea eta Juan Bautista Uriarte kalearen artean egoan Inuntziaga. Hara eroan ebezan atxilotuak, ostean sailkatu eta kartzeletara eroateko; batzuk epaiketa izango eben, eta beste batzuk zuzenean fusilatu ebezan.
Ia ez dakigu ezer erretratuotako personetaz, asko Galdakaokoak izango dira, herritarrak, eta beste batzuk azkenengo momentura arte burrukan egin eben batailoietako gudari eta milizianoak.








Begirada esanguratsuak dira, batzuk zuzenean begiratzen deutsie argazkilari frankistearen objektiboari, amorruz, beste batzuk begirada apalduta daukie... Nongoak izango ete dira? Zer jazo zan eurekaz?
Euretako baten bat ezagutzen badozu, idatzi egiguzu: galdakaogogora@gmail.com


Argazkia: Espainiako Liburutegi Nazionaleko artxiboa

Testua: Nagore Ferreira Zamalloa / Galdakao Gogora

Zubi baten historia

Konturatzen ez bagara be, Galdakaon oraindino agerian dagoz 1936ko gerrako makinatxu bat zauri. Horreetako bat Plazakoetxen erakusten deusku Ibaizabal errekeak, ur-etorri txikia daukanean. Han, Plazakoetxeko zubi zaharraren zutabeak ikusten dira, Zugutzuko aldean.
1937ko bagilean errementarazo eben zubia, tropa frankistei Bilborako bidea gatxago egiteko. Bagilaren 15ean hartu eben nazionalek Galdakao, eta erretratu hau hurrengo egunean egin zan, Tximelarretik. Zubia txiki-txiki eginda ikusten da, eta atzerago Torrezabalekoa, ostera, osorik. Torrezabaleko zubi hori erabili eben frankistek Upo mendiraino ailegetako, eta holan iges egiterik euki ez eben tropa errepublikarrak Artetan inguratu ebezan.


Galdakao Gogorakook batu doguzan lekukotzen arabera, Santotxikerra baselizaren ondoan nazionalek 20 bat lagun fusilau ebezan, han bertan. Zaurituak ziran danak, defendiduteko aukerarik be ez eben euki, ezta epaiketarik, ez ezebez. Hareen gorputzak han bertan geratu ziran, lurperatu barik.
Behin Galdakao hartu ebenean, frankistek segiduan hasi ebezan atxiloketak eta epaiketa sumarisimoak. Areatzan jaio, baina Galdakaon bizi zan Damian Olea Atutxa izan zan atxilotuetako bat. Dinamitan egiten eban behar eta UGT sindikatuko afiliaua zan. Plazakoetxeko zubia berak leherrarazo ebala-eta atxilotu eben. 1937ko abenduaren 18an heriotza zigorra ezarri eutsien, ezelango frogarik egon ez arren, epaiketako agirietan ikusten dan lez.
Azkenean ez eben fusilau, Valentin Mandaluniz Ealok azaldu ebanez, astuariarrak izan zirelako leherketaren arduradunak. Hogeita hamar urte be ez eukazan Valentin gazteak ez eban halango zorterik izan, eta Derion fusilau eben bera, irailean, “rojo separatista” izatearren. Damiani hil arteko kartzela zigorra ezarri eutsien.

Aurrerantzean, zubi honeen inguruetatik pasaukeran, beste modu batera ikusiko dozuz oraindino han ikusten diran zubi zaharraren harri zaharrak. Historia asko daukien harriak dira, geure herriaren historia, azken baten.

Argazkia: Espainiako Liburutegi Nazionaleko artxiboa
Testua: Tomas Madina Etxebarria – Nagore Ferreira Zamalloa / Galdakao Gogora