jueves, 3 de octubre de 2019

1937ko Santakurtzen aurretik jazo zan...

Gatxa da orain dala 82 urteko Santakurtzetan pentsetea, ezta? Zelan izango ete ziran orduko jaiak? Zer egiten ete eben gazteek? Badakigu jakin be, baina, 1937ko Santakurtzak latzak izango zirala.

Tropa nazionalak bagilaren 15ean sartu ziran herrira. Errepresino gogorra hasi eben orduan faxistek: atxiloketak, jazarpenak... Inuntziagako txaleta kartzela bihurtu eben, eta han sartu ebezan hainbat lagun. Horretako batzuk gero Bilboko Santutxu auzunean egoan Larrinagako kartzelara bialdu ebezan.

Talde horretan egozan Angel Arostegi Bilbao, Valentin Mandaluniz Ealo (erretratuan), Jose Luis Zabala Bilbao eta Santiago Celaya Sagarduy gazteak. Handik hilabetera epaitu ebezan, garagarrilaren 27an, eta heriotza zigorra jaso eben dan-danek. Zeintzuk ziran delituak zigor hain gogorra jasoteko? “Eskoiko jentea mehatxatu eta iraindu” edo “batzorde gorri separatistetako kidea izatea” moduko delitu barregarriak ziran danak.





                Erretratuetan, Valentin Mandaluniz eta Pedro Asua. 


Santakurtzak hasi baino astebete lehenago fiusilau ebezan, irailaren 7an, Derioko kanposantuko hormaren kontra.

Beste herritar batzuk be fusilau ebezan faxistek, 1937ko garagarriletik 1938ko zezeila bitartean: Pedro Asua Zubiaur (erretratuan), Pedro Abadia Barrutia, Juan Uriarte Santa Cruz, Andres Hormatexe Egiluz eta Dei Egileor Arostegi. Eta gehiago be egongo dira beharbada fusilauen artean, nahiz eta ez daukagun gehiagoren barririk.

Edozelan be, ez dagiguzan ahaztu 82 pasau arren. Memoriarako eskubidea daukie eurek eta guk eurak gogoratzeko betebeharra.




 Testua: Nagore Ferreira Zamalloa - Galdakao Gogora
Erretratuak: Galdakao Gogoraren artxiboa