lunes, 27 de enero de 2020

Goizean goizetik etorten zan “El lechero”

Egunero, edo ia egunero, goizeko zazpiretan, etorten zan. Goiztiarra zalako hasi ziren “El lechero” (euskeraz “esneduna”) geitzen, haren moduan goizean goizetik agertzen zalako. Condor Legioko azterketa edo miaketa abioia zan, seguruenik Heinkel He 46 edo 70 bat izango zan.

“El lechero” ikuskapen hegazkinaren beharretako bat erretratu honen modukoak egitea zan; izan be, arerioen tropak non egozan, aterpeen barri jaso, eta azken baten, espioitza lana egitea zan bere helburua.

Erretratua: Espainiako Liburutegi Nazionaleko argazki-artxiboa.



Irudian, ezkerretik eskoira, Plazakoetxe, Tximelarre eta Zugutzu ikusten dira. Abioia Usargoiti inguruan dabil argazkiak egiten. 1937ko bagilaren 18an atara eben erretratua, Francoren tropak Galdakaon sartu eta hiru egunetara.

Urteotan jasotako lekukotzetan behin baino gehiagotan aitatu izan deuskue hegazkin hau. Kontuan izan 1937ko udabarrian, Galdakao faxisten eskuetan geratu arte, ia goizero ikusten ebela Galdakaoko herritarrek “Esneduna”. Hilabete horreetan 18 bat bonbardaketa izan ziran gure herrian, eta odoltsuena, zalantza barik, Plazakoetxekoa izan zan.




Antza, Bizkaiko beste herri batzutara ere joaten zan, eta herriaren arabera, izen desbardinak eukazan: “El alcahuete”, berbarako, Basaurin; “El chivato”, eta abar. Abioi ezaguna zan, zoritxarrez. 




Testua: Nagore Ferreira Zamalloa - Galdakao Gogora