miércoles, 20 de diciembre de 2017

Dinamita eta Cantabrica, Galdakaoko gerrako industria

Durante la guerra desencadenada en 1936, algunas de las empresas de Galdakao adquirieron gran importancia. Consideradas Industrias de Guerra, La Dinamita y La Cantábrica estaban en la mente de atacantes y defensores. El 24 de abril del 37 los fascistas bombardearon Zuazo, y murieron cuatro personas, pero la fábrica de explosivos apenas sufrió daños. Parece que el ejército franquista quería dificultar su trabajo, pero no destruirla. 

Galdakaoko enpresa batzuk garrantzi handia hartu zuten 1936an faxistek Errepublikaren gobernuaren kontra piztu zuten gerran. 

Gerrako industriatzat zituzten “La Dinamita” eta “La Cantábrica” alderdi bien gogoan zeuden, bai erasotzaileen bai defendatzaileen gogoan. Susmagarria dirudi, esaterako, Zuazo bonbardatu arren, “La Dinamita” ez bonbardatu izana. Antza denez, armada frankistak enpresaren eguneroko lana zaildu gura zuen, baina ez deuseztu. 

1937ko apirilaren 24ko agiri batean azaltzen zenez, auzunea bonbardatu zuten eta kanpoko pabilioietako bat ere bai. Pabilioi zentrala esaten ziotenak, inguruko zonaldea defendatzen zuten soldaduak zeuden bertan, eta tren-geltoki ondoan zeuden etxebizitza batzuk izan zituzten kalterik handienak, batez ere etxeek. 

La Dinamita y casas de Zuazo en 1940 (Archivo fotográfico Maxam)

Egun horretan, apirilaren 24an, faxisten bonbek lau lagun hil zituzten: Maria Arrieta Ilardia, 24 urtekoa; Casiano Bujedo Miguel, 73koa; Ildefonso Larrondo Leiza, 14 urte besterik ez zituena; eta, Maria Extremo San Jose (E. Madinaren datuak).

1937ko ekainaren 11n, gerrako frontearen egoerak Galdakaoko industria biak nazionalen esku geratuko ziren susmoa zabaltzen hasi zenean, Gamir jeneralak, Errepublikaren armadako buruak, batzarra izan zuen gai honen inguruan. 


Hurrengo domekarako egoerea benetan larria zen. Astelehen eta martitzenean hainbat material Malaspera izeneko meatzera eta Cantalajoseko (Bilbo) tunelera trenez eramatea erabaki zen. Hain zuzen ere, 1.200 tona bolbora eta lehengai, eta bestelako lehergailuak ere bai. 

Astelehen horretan, gainera, hilaren 14an, hogeita hamar kamioi bidali ziren behar-beharrezkoak ziren makinak eta lehengaiak batzeko, tartean, nitrato-kotoia, kainoien bolbora egiteko erabiltzen zena. 

Dena dela, Padrola auzuneko Eugenio Ereñok kontatu zigunez, eta aurreko baten “Crónicas”-en orrialdeotan azaldu genuenez, astelehen gau horretarako etsaiak han zeuden, errepidetik igarotzen zen edozer tirokatzen. Kamioiek, beraz, ezer batu barik itzuli behar izan zuten. Hurrengo egunean, Galdakaoko herria eta bere lantegi guztiak faxisten esku geratu ziren.


Tekniko eta beharginek jasan behar izan zuten garbiketa-prozesua latza izan zen; hainbat gizon eta emakume bota egin zituzten, faxisten aldekoak ipiniz ere lanpostuetan. Ostean, lana arriskutsua zela ikusirik, faxisten aldeko izan ez arren, lehengo behargin batzuei lanera joateko deitu behar izan zieten.



Testua: Kepa Lizarraga / Nagore Ferreira Zamalloa


sábado, 2 de diciembre de 2017

"Gazte ziren, aske ziren..."

Binke! Galdakao eta Usansoloko aldizkarian, hilabete birik behin,
 erretratuz erretratu gure herriko memoria historikoa izango dogu berbagai aurrerantzean. Hauxe, gure lehenengo testua.


Gazte ziren, aske ziren
Langile ziren eta harro zeuden
Gizarte berri bat amesten zuten
Berdintasunean sinesten zuten
Bide ertzean, “Non dira”



Gazte-gazteak ziran, bai, 1936ko udan, gerrea hasi zanean, Galdakaotik frontera joan ziran hainbeste eta hainbeste gizon. Aske ziran, eta askatasunaren alde lehen lerrora joan ziran. Gure herriko etxe askotatik joan ziran, ideologia politiko desbardinetakoak. 


Erretratuan, Nikolas Garai Mugira eta Juan Zamalloa Arriaga, Urgoiti auzunekoak, prest dagoz etxeko atean. Jantzi dabez gerrara joateko erropak. Erdi barrezka, apur bat artega, itxaropentsu, askatasunaren alde burrukan egitera doaz. Sabino Arana Goiri batailoian emon dabe izena. 

Mantak aldean daroez. Zenbat gaba emongo ete ebezan lurrean etzunda, hotzaren hotzagaz dardarka? Zenbat gaba, bildurrez, hurrengo egunak zer ekarriko pentsetan? 
1937ko apirilaren 14an Saibigainen egozan, Sabino Arana Goiri batailoiagaz. Euria, txingorra eta edurra egin ebazan egun oso-osoan. Laugarren ekinaldian lortu eben tontorra, baina ez zan debalde izan, karu ordaindu eben. 



Izan be, burrukaldi ikaragarria izan zan. 58 gudari hil ziran, eta beste hainbeste zauritu. Luciano Uriarte Legarreta, Erletxeta auzunekoa, Juanen ondo-ondoan hil zan. Egun madarikatu horretan hil ziran be Galdakaoko beste bost gazte: Valentin Olabarrieta Uriarte, Martin Gurtubai Ayesta, Bonifazio Etxebarria, Donato Ugarte Larrinaga eta Nicomedes Pomposo Uriarte. Egun itzela izan zan benetan be. 

Nikolas eta Juan frontetik bizirik bueltatu ziran, eta lagun izan ziran hil arte. 
Pako Etxeberriak forenseak aurtengo Oroimenaren Astean emon eban berbaldian gogoratu euskun, eta ez daukagu ahaztuteko; memoria izateko eskubidea daukagu, bai, baina memoria eman eta bermatzeko betebeharra ere bai. Eta hori da gure lana, memoria hori berreskuratzea, ezagutzera emotea, eta egundo be ez ahaztutea. 


Testua: Galdakao Gogora
Erretratua: Juan Zamalloa Arriagaren familia