jueves, 3 de enero de 2019

Industria gerrearen esanetara


Erretratua ikusita nekez esango geunke Galdakao dala hor ageri dan herria, ezta? Orain 81 urte ataratako erretratua da; hain zuzen be, 1937ko bagilaren 16an. Asko aldatu dira inguruak ordutik.

Argazkia aurrez-aurre daukagula, ezkerretara Plazakoetxe ikusten da, eta eskoian, Zugutzu. Dinamita enpresa ezaguna be hor dago. Hiru tximinia dagoz, ketan, beharrean. Tximinia handiaren aurrean, eskoitara, tren-geltokiaren teilatua ikusi leike, eta aurrean Etxezuria esaten eutsien baserria. Eta, nondik egin eben argazkia? Ba, Tximelarreko biltegitik seguruena.





Faxistak aurreko egunean, bagilaren 15ean, sartu ziran Galdakaon. Dinamitak ez eban produkzinoa geratu egun horretan, antza danez. Egun berean beste hainbat erretratu atara ebezan faxistek, Galdakaon sartzen ageri diran erretratuak. Horreetako bat Binke!-ren garagarrileko zenbakian erakutsi genduan.

Galdakao leku estrategikoa zan Francorentzat, Burdin Hesiaren giltza zan euren eritxiz, eta ganera, Bilbora sartzeko aurreko pausua be bazan. Baina, beste arrazoi bategatik be bazan gure herria estrategikoa: gerrako industriagaitik.

Gerra egiteko, eta egiten segiduteko, lehengaiak behar dira, eta lehengaiak lantzeko fabrikak bere bai. Armak behar dira, munizinoa, tresneria... Galdakaok baeukan gerrako industria geitzen dan hori: La Cantabrica eta La Dinamita enpresak.

Akaso horregaitik, Zugutzu auzunea bonbardau arren, fabrikeari ez eutsien kalterik egin. 1937ko apirilaren 24an kanpoko pabilioiak bonbardau ebezan, eta tren-geltoki ondoko etxebizitza batzuk bere bai. Lau lagun hil ziran egun horretan.

Hilabete batzuk beranduago, bagilaren 11n, Galdakaoko industria biak nazionalen esku geratuko ziren susmoa hasi zan zabaltzen. Tropa faxistak gero eta hurrago egozan. Hainbat material Bilbo aldeko meatzetara eroatea erabagi zan, trenez. Bolborea eta lehergailuak bialdu ebezan, nazionalen eskuetan ez geratzeko. Bagilaren 14an, makinak eta lehengaiak kamioietan sartu eta Galdakaotik ataraten ahalegindu ziren, baina ezin izan eben. Berandu zan. Hurrengo egunean, 15ean, faxisten esku egoan gure herria, eta gure lantegiak euren esanetara.




Testua: Nagore Ferreira Zamalloa – Galdakao Gogora
Argazkia: Espainiako Liburutegi Nazionaleko argazki-artxiboa



Binke! aldizkarian argitaratua, 2018ko abenduan