domingo, 1 de diciembre de 2019

Bost galdakoztar Erorien Haranean

Hainbat urteren ostean, Erorien Harana eta Francisco Franco diktadorea gaurkotasun
handiko gaiak izan doguz asteotan.

Gerrako presoek eregi eben Erorien Harana, 1940tik 1958ra bitartean. Monumentua
“Gurutzadako heroi eta martirien” omenez edegi zan, eta hantxe hilobiratu ebezan
Francoren alde, nazionalekaz, hildakoak.

Baina, handik denpora batera, gerran hildako errepublikazaleen gorpuak ere eroan
ebezan Erorien Haranera, gehienetan familiei ezer esan barik eta euren borondatearen
kontra.



Basilikako kriptak 1959an inauguratu ziran; ordurako 8.746 gorpu egozan han.
Azkenengo gorpuak 1983an sartu ebezan. Edozelan be, 33.833 gorpu ei dagoz
lurperatuta gaur egun, eta horreen artean, 12.410 identifikatu barik. Tartean hainbat
euskal herritar dagoz, Errepublikaren alde zein kontra burrukan ibilitakoak.

Bizkaiko Artxibategi Historikoan, 1952ko agiri batean jasoten danez, bost galdakoztar
dagoz lurperatuta Erorien Haranean. “Gurutzadan” hildakoak ei dira, “martiriak”, eta
euren etxekoek baimena emon ei eben gorpuak hara eroateko.

Bost galdakoztar honeek nazionalen aldean egin eben burrukan, baina ezin jakin ziur
euren borondatez edo kontra egin eben. Izan be, jakin badakigu, 1937ko bagilean,
Galdakao hartu ostean, nazionalek hainbat gizon gogoz kontra mobilizau ebezala, eta
frontean euren alde burrukan egitera derrigortu. Aukera bi emoten eutsiezan: han
bertan tiro bategaz hil edo frentera joan.



Etxekoek Erorien Haranera eroateko baimena emon ebela dinoe agiriek, baina hori be
ez da guztiz adierazgarria, izan be nor ausartu ezetz esatera sasoi hareetan?
Eta posible da aitatzen diran bost galdakoztarrez aparte, gehiago egotea be. Gorpu
asko dagoz-eta izen barik eta edozelan lurperatuta. Ia, berandu bada be, familiek
aukera daukien oraingoan etxekoen gorpuak berreskuratu eta eurak gura daben
lekuan eta moduan lurperatzeko.





Egilea: Galdakao Gogora elkartea