Orain dela 80 urteko udaberria, 1937koa, benetan gogorra izan zen Bizkaian. Tropa faxistek hainbat herri bonbardatu zituzten, tartean, gure herria, Galdakao. 80 urte pasatu dira daborduko, baina ez dugu ahaztu, eta ez dugu ahaztu gura ere. Horregatik, aurten ere, Galdakao Gogora memoria historikoa berreskuratzeko elkarteak, Galdakaoko Udalaren laguntzagaz, Oroimenaren Astea egitaraua antolatu du.
Burdin Hesia ezagutzeko bisita. Argazkiak: Mikel Lizarraga |
Urteurren berezia denez, aurten Memoriaren Aste berezia gura izan dugu atondu. Orain 80 urte fusilatu zituzten Ángel Arostegi Bilbao, Valentín Mandaluniz Ealo, José Luis Zabala Bilbao, Santiago Zelaia Sagardui, Andres Ormaetxe Egiluz, Pedro Asua Zubiaur eta Dei Egileor Arostegi gazte galdakoztarrak. Eurak izango dira Galdakao Gogoraren 2017ko Oroimenaren Astea jardunaldien protagonista nagusiak.
Guk geuk ekoitzitako Faxistek fusilatutako galdakoztarrak. No al olvido erakusketak fusilatutako gazteen argazkiak, gutunak, gerra-kontseiluen agiriak eta beste hainbat dokumenturen erreprodukzioak biltzen ditu zortzi paneletan banatuta. Hildakoen familiak eta artxibategiak izan ditugu informazio iturri, orain arte ezer ez baita idatzi edo bildu Angel, Jose Luis, Andres, Valentin, Santiago, Pedro eta Deiren inguruan, euren memoria ia ezabatzeraino.
Kasu askotan benetan gaitza izan da informazioa topatzea. Badirudi faxistek eurek fusilatutako galdakoztarren memoria ezabatzea lortu zutela, zati baten bai behintzat. Informazioa han eta hemen dago sakabanatuta, erakusketa honetan lehenengo aldiz batu dira zazpi gazte hauen ingurukoak. Erakusketa hau ahanzturaren kontrako erantzuna da, omenaldi xumea.
Burdin Hesia bertatik bertara ezagutzeko ibilaldi bik, berbaldi bik eta erakusketak osatuko dute aurtengo Oroimenaren Astea, maiatzaren 13tik 20ra bitartean. Jarduera guzti-guztiak debalde izango dira.
Maiatzaren 13an eta 20an, zapatua, Galdakaon dauden Burdin Hesia eraikuntzaren aztarnak ikusteko bisita gidatuak egingo ditugu. Egun bietan hitzordua 9:00etan izango da, Udaletxe aurrean. Hilaren 13an, Altamira eta Olabarri auzoetan dauden Burdin Hesiaren hondarrak bisitatuko ditugu, gure elkarteko kideak gidari direla.
Hilaren 13an, irteeraren ostean, 13:00etan, omenaldi-ekitaldia egingo dugu Gandasegin, Faxistek fusilatutako galdakoztarrak. No al olvido erakusketa ikusgai dagoen areto berean. Fusilatutako zazpi galdakoztarrak gogoratuko ditugu, euren familiekin batera.
Maitzaren 20an, Bekelarre eta inguruetako aztarnak aztertzeko aukera izango dugu. Lubakiak, bunkerrak, metrailadore-habiak eta babeslekuak ikusiko ditugu osteratxu honeetan. Burdin Hesiaren aztarna gehien dituen herrietakoa da Galdakao.
Maiatzaren 16an, martitzena, izango dugu Oroimenaren Asteko lehenengo berbaldia. Paco Etxeberria izango da hizlaria, Aranzadi Zientzia Elkarteko forentsea. Gorpuzkinak ateratzen, duintasunak berreskuratzen berbaldia eskainiko du. Hitzaldia gaztelaniaz izango da.
Maiatzaren 18an, Josu Txueka historialariak Amaitu ez zen gerra. Heriotza, erbestea, espetxeak izango du berbagai.
Berbaldi biak Gandasegi ikastetxeko Areto Nagusian egingo ditugu, 19:30ean.
Faxistek fusilatutako galdakoztarrak. No al olvido erakusketa ere Gandasegin egongo da ikusgai, maiatzaren 15etik 20ra bitartean. Ordutegia: 18:30-20:30.
Galdakao Gogora elkartearen helburu nagusia Oroimen Historikoa berreskuratzea da. Urteotako isiltasunarekin amaitzea da gure asmoa, herri honetan esan, egin eta pentsatu ezin izan direnak argi adierazi. Mota askotako lagunek osatzen dugu taldea, adin eta sentsibilitate politiko ezberdinetakoek.
Informazio gehiago:
Informazio gehiago:
Harremanetarako: galdakaogogora@gmail.com
VI. Galdakaoko Oroimenaren Astea
2017ko maiatzaren 13tik 20ra
Maiatzak 13, zapatua
9:00etan, Galdakaoko Udaletxe aurrean
Galdakaoko Burdin Hesia ezagutzeko bisita gidatua, Galdakao Gogora elkarteko kideekaz. Altamira eta Olabarri auzoetan dauden aztarnak bisitatuko ditugu.
13:00etan, Gandasegi eskolan
Omenaldi-ekitaldia faxistek fusilatutako galdakoztarren omenez. “Faxistek fusilatutako galdakoztarrak. No al olvido” erakusketaren aurre-inaugurazioa.
Maiatzak 16, martitzena
19:30ean, Gandasegi ikastetxean.
"Gorpuzkinak ateratzen, duintasunak berreskuratzen”. Paco Etxeberria, Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologo forentsearen berbaldia. (gaztelaniaz)
Maiatzak 18, eguena
19:30ean, Gandasegi ikastetxean
"Amaitu ez zen gerra. Heriotza, erbestea, espetxeak”, Josu Txueka historialariaren berbaldia.
Maiatzak 20, zapatua
9:00etan, Galdakaoko Udaletxe aurrean
Galdakaoko Burdin Hesia ezagutzeko bisita gidatua, Galdakao Gogora elkarteko kideekaz. Bekelarren auzoa eta inguruan dauden aztarnak bisitatuko ditugu
Erakusketa:
Faxistek fusilatutako galdakoztarrak. No al olvido erakusketa .
Gandasegi ikastetxean. Maiatzak 15-20. Ordutegia: 18:30-20:30
No hay comentarios:
Publicar un comentario