viernes, 26 de febrero de 2021

Eskolea kuartel bilakatu zanean

Kurtzeko eskolek, edo Gandasegikoek, historia bitxia daukie, eta tartean ustebako bat.

1912an inaugurau eben eskolea, eta handik urte batzutara, 1927ko abuztuan berrizendatu zan. Remigio Gandasegiren abizena hartu eban, Valladoliden artzapezpiku zan galdakoztarraren omenez, hain zuzen be.

Baina aldaketarik handiena, zalantza barik, hamar urtera etorri zan, eskolak kuartel bihurtu ziranean, eta militarrez bete ziranean ordura arte umeek erabilitako ikasgelak. Gerra sasoian eraikin asko berrerabili ziran, gure eskolakaz egin zan lez. 
 



Izan be, Gandasegi EAE-ANV (Eusko Abertzale Ekintza-Acción Nacionalista Vasca) alderdiko ANV 4 “Azkatasuna” (Ingeniarien 8.a) izeneko batailoiaren kuartela izan zen hilabete gitxi batzutan, 1937ko apiriletik aurrera. Hasiera baten, 252 gudari batu ziran. 

Zulatzaile edo zapadoreen batailoia zan, eta gotortze beharrak egitea zan euren zeregin nagusia. Behar sano garrantzitsua zan, fronteko lubakiak gotortzeaz arduratzen ziran, alanbre-hesiak han eta hemen ipini, zubiak eregi, bideak egin edo garbitu… Batzuetan lehen lerroan egoten ziran, eta beste batzuetan bigarren lerroan, momentuko beharrizanen arabera, eta sarritan gabaz, abioiek ez ikusteko. Askotan, ganera, burrukan egin behar izaten eben, beste soldaduekaz batera. 

Gogoratu daigun Galdakao leku estrategikoan egoala kokatuta; alde batetik Burdin Hesiaren “giltza eta erdigunea” zan, Francoren tropek behin baino gehiagotan nabarmendu eben moduan, eta beste alde batetik, gurean gerrako industria sano garrantzitsua egoan, hemen egozan eta Dinamita eta Cantabrica lantegiak. 

Azkatasuna batailoiko gudariek makinatxu bat behar egin zituzten gerran fronteko lehenengo lerroan: Zugaztietan, Lemoatxan, Urkulun, Gaztelumendin, Santo Domingon, Arraizen… 
Bagila hasierarako, nazionalek Galdakao hartu orduko, Etxebarrira eroan eben kuartela. Tropa nazionalak hilaren 19an Bilbora sartu ostean be, beharrean tinko segidu eben Azkatasunako gudariek. Atzera-egite edo erretira babestu eben, atseden barik, Kantabriako Laredo herrira heldu arte. 

Kurtzeko plazara zoazienean, eta eskolak aurrez aurrez daukazuezenean, seguru beste modu batera begiratuko dozuela, ezta?



Testua: Nagore Ferreira Zamalloa (Galdakao Gogora)

No hay comentarios:

Publicar un comentario