VIZCAYA – Calle principal de Galdácano tomada por las fuerzas nacionales.
16-6-37
Besterik ez dino Espainiako Biblioteka Nazionalean gordetako argazki honen
atzeko aldeko oharrak. Beste hamaikatxu erretratu dagoz, okupazinoaren osteko
egunetakoak danak.
Argazkia atara baino egun bat lehenago jausi zan Galdakao, bagilaren 15ean.
Udabarri gogor eta krudela izan zan 1937koa. Faxistak Bilbotik gero eta hurrago
egozan, eta ha zan okupau bako azkenengo uriburu euskalduna.
Faxistak, Juan Bautista Uriarte kalean. Espainiako Biblioteka Nazionaleko funtsak |
Bagilaren 13an, Larrabetzu ingurutik sartu ziran Francoren tropak. Egun bi
ibili ziran inguruak bonbardetan; 70 bat hegazkin bonbaketari erabili ebezan, 50
bat ehiza-hegazkin, eta milaka soldadu aleman, italiar, mairu eta espainiar.
Holan, Nafarroako I. Brigadea Gaztelumendi ingurutik sartu zan, Burdin Hesia
apurtuta.
Hurrengo egun bietan, EAJ-PNVren Martiartu eta Simon Bolivar batailoiek,
Unión de Hermanos Proletarios sozialista asturiarren baitailoiak, CNTren
Malatesta batailoi anarkisteak eta EPK-PCEren Gipuzkoa batailoi komunisteak
gogor eutsi eutsien faxisten erasoari. Makina bat lagun hil ebezan tropa
nazionalek. Errepublikaren aldeko gudari eta miliazianoek burrukan segidu eben,
gero eta indar gitxiagogaz, hegazkin barik eta bitarteko urriekaz.
Ibaizabal errekan tope egiteko ahalegina egin eben, baina ahaleginak
ahalegin, bagilaren 15ean, arrastiz, Francoren tropak Galdakaon sartu ziran.
Hurrengo egunean egindakoa da erretratua. Ez da erreza gure herriko kale
nagusia holangoa zanik sinistea, zenbat aldatu dan!
Trankil doaz buruzagi nazionalak Juan Bautista Uriarte kalean gora,
berbetan. Baina orduan hasi zan galdakoztar askorentzat inpernua: atxiloketak,
epaiketa barregarriak, errepresioa, kartzelea, bildurra… eta miseria gorria.
Argazkian, Inuntziaga txaleta be ikusten da. Behin-behineko kartzelea izan
zan Inuntziaga, hara eroan ebezan herrian atxilotutakoak: batzuk, handik beste
kartzela batzuetara eroan ebezan; eta, beste batzuk, zuzenean fusilatzera.
Galdakao okupau ostean, faxistek aurrera egin eben, Bilborantz. Handik lau
egunera jausi zan Bilbo, bagilaren 19an.
Testua: Nagore
Ferreira Zamalloa – Galdakao Gogora
No hay comentarios:
Publicar un comentario