miércoles, 23 de mayo de 2018

Gerreak ez ei dauka emakume arpegirik


Binke! Galdakao eta Usansoloko aldizkarian, hilabete birik behin,
 erretratuz erretratu gure herriko memoria historikoa dogu berbagai. Hemen, 2018ko maiatzekoa. 

Erretratu honek 81 urte daukaz gitxienez, eta ia ez dakigu ezer bere historiaz: ez nortzuk diran protagonistak, ez non dagozan, ez zergaitik atara zan irudia... ia ezer. Zeozer badakigu, bai, nork atera eban erretratua, baina daborduko berandu da hareri galdetzeko.

Galdakaon edo inguruotan atarako ete eben? Ezin jakin, testuinguruak ez deusku ezer argitzen eta. Bizkaian edo Gipuzkoan eginda egongo da. Mendiak atzean, bide bazterren baten dagoz hiru protagonistak. Emakume bi eta gizon bat. Ezkerreko emakumea eta gizona kamareari begira dagoz, eta eskoiko andrea, barriz, gizonari.




36ko gerrako beste argazki bat gehiago izan eikean, baina badauka beste berezitasun bat, bitxikeria bat: andrazko biak miliziano jantzita dagoz, fusila eta pistolea eskuetan. Erdi barrezka dagoz; plantak egiten dagoz akaso? Eta, erdian gizonezkoa, manta bategaz, eskuak lotuta, atxilo; baina ez jako estu ikusten, eskoiko emakumeak pistoleagaz apuntau arren.

Emakume gitxi-gitxi egon zan fronteko lehenengo lerroan, ezkerreko batailoetan gitxi batzuk… Gizonek ez eutsien itzi armarik hartzen, gerrea ez zan emakumeen kontua, antza danez, eta atzeguardiara bialdu ebezan; gaixoak jagotera, ume eta zaharrak jagotera, fabriketan behar egitera, lurrak lantzera... Emakumeak biktima eta menpeko lez ageri jakuz ia beti, edo behintzat holan kontau deuskue historia ofizialean. Horregatik be bada bitxia argazkia.

Svetlana Aleksievitx Nobel saridun idazle bielorrusiarrak urteak emon ebazan II. Mundu Gudan parte hartu eben emakume sobietarren lekukotasunak jasoten. “Gerrak ez du emakume aurpegirik” ipini eutson liburuari. Frankotiratzaileak, pilotuak, erizainak, medikuak, gerrillari partisanoak, tanke gidariak dira emakumeok, eta halanda be, sarritan gitxietsi ebezan.

Gerreak ez ei dauka emakume aurpegirik, ala bai? Ez doguz emakumeek gerran izan ebezan aurpegi guztiak ezagutzen, historiak, historiagrafiak eta memoria historikoak be androzentrismoa daukielako oinarri. Emakumeon memoria zeozelan berreskuratu guran, VII. Oroimenaren Astean emakumeak eta 36ko gerrea izan genduzan berbagai, baina zenbat dagoen oraindino egiteko!? Beste hamaika oroimenaren aste egiteko moduan!


Edozelan be, erretratu bitxi honen atzean egon zan historia ezagutzeko itxaropenik ez dogunez galtzen, beste behin botako dogu galderea: Irakurle, ezagutzen dozuz erretratuan ageri direnak? Edozein informazino eskertuko geunke. Ia misterioa argitzen dogun. 



Testua: Nagore Ferreira Zamalloa – Galdakao Gogora
Argazkia: Juan Zamalloa Arriagaren familia



Eta hemen artikulua, Binke!-n: https://issuu.com/binke/docs/binke_027_web



-->

No hay comentarios:

Publicar un comentario