sábado, 2 de diciembre de 2017

"Gazte ziren, aske ziren..."

Binke! Galdakao eta Usansoloko aldizkarian, hilabete birik behin,
 erretratuz erretratu gure herriko memoria historikoa izango dogu berbagai aurrerantzean. Hauxe, gure lehenengo testua.


Gazte ziren, aske ziren
Langile ziren eta harro zeuden
Gizarte berri bat amesten zuten
Berdintasunean sinesten zuten
Bide ertzean, “Non dira”



Gazte-gazteak ziran, bai, 1936ko udan, gerrea hasi zanean, Galdakaotik frontera joan ziran hainbeste eta hainbeste gizon. Aske ziran, eta askatasunaren alde lehen lerrora joan ziran. Gure herriko etxe askotatik joan ziran, ideologia politiko desbardinetakoak. 


Erretratuan, Nikolas Garai Mugira eta Juan Zamalloa Arriaga, Urgoiti auzunekoak, prest dagoz etxeko atean. Jantzi dabez gerrara joateko erropak. Erdi barrezka, apur bat artega, itxaropentsu, askatasunaren alde burrukan egitera doaz. Sabino Arana Goiri batailoian emon dabe izena. 

Mantak aldean daroez. Zenbat gaba emongo ete ebezan lurrean etzunda, hotzaren hotzagaz dardarka? Zenbat gaba, bildurrez, hurrengo egunak zer ekarriko pentsetan? 
1937ko apirilaren 14an Saibigainen egozan, Sabino Arana Goiri batailoiagaz. Euria, txingorra eta edurra egin ebazan egun oso-osoan. Laugarren ekinaldian lortu eben tontorra, baina ez zan debalde izan, karu ordaindu eben. 



Izan be, burrukaldi ikaragarria izan zan. 58 gudari hil ziran, eta beste hainbeste zauritu. Luciano Uriarte Legarreta, Erletxeta auzunekoa, Juanen ondo-ondoan hil zan. Egun madarikatu horretan hil ziran be Galdakaoko beste bost gazte: Valentin Olabarrieta Uriarte, Martin Gurtubai Ayesta, Bonifazio Etxebarria, Donato Ugarte Larrinaga eta Nicomedes Pomposo Uriarte. Egun itzela izan zan benetan be. 

Nikolas eta Juan frontetik bizirik bueltatu ziran, eta lagun izan ziran hil arte. 
Pako Etxeberriak forenseak aurtengo Oroimenaren Astean emon eban berbaldian gogoratu euskun, eta ez daukagu ahaztuteko; memoria izateko eskubidea daukagu, bai, baina memoria eman eta bermatzeko betebeharra ere bai. Eta hori da gure lana, memoria hori berreskuratzea, ezagutzera emotea, eta egundo be ez ahaztutea. 


Testua: Galdakao Gogora
Erretratua: Juan Zamalloa Arriagaren familia

No hay comentarios:

Publicar un comentario