1927ko planoa (Bizkaiko Foru Aldundia) |
Galdakaoko biriki garrantzitsuenetakoa dira Ganguren,
Santa Marina eta mendilerro osoko mendi-hegalak. Baso-bide ugari daude aldats
goran, eta apurka-apurka makinatxo bat arbola mota dituen basoan sartzen gara.
Orain 90 bat urte, hemen zeukan Bizkaiko Foru Aldundiak
bere baso-barrutirik zabalena, Artxandik Padrolarainokoa. Denetara 500 hektarea
eta milioi 2 zuhaitz zituen esparruak. Horrexegatik deitzen zaio gaztelaniaz
“Vivero”, bere jatorrizko izena Ganguren izan arren.
Gerra sasoian, baina, defentsarako eraikuntzek eta armada
frankistek jaurtikitako bonba su-eragileek kalte ugari eragin zituzten
aberastasun guzti honetan.
1938ko urtarrilaren 20an, eskualdeko erakundeak baso hauen
eta beste batzuen basoberritzea egitea erabaki zuen. Behar hori Deustuko Kontzentrazio
Esparruko gerrako presoek egitea pentsatu zuten, eta horrela eskatu zioten
Gobernadore Zibilari.
Beharra merke egingo zuten presoek; izan ere, beste
beharginek baino errendimendu txikiagoa bazuten ere, pezeta 1 ordaintzen
zitzaien eguneko, eta peoiei 8, 75 pezeta. Askozaz merkeagoa zen, beraz,
presoen lana, besteen seirena edo. Baldintzak sano gogorrak ziran, hala ere.
1938ko udan hasi ziren beharrak, eta hurrengo urteko abuztuaren 29an amaitu
zituzten.
Kanpamendua Elorritxuetan antolatu zuten, han zeuden
biltegi bat eta oilotokia konpondu zituzten, gaur egungo frontoiak eta
aisialdi-gunearen alboan. Geroago, “Base Gorria” egon da hor eta gazte
immigranteentzako harrera zentroa ere bai.
30 eta 45 laguneko taldeak egoten ziren lanean, basozainen
gidaritzapean. Baina zaintza lanak Galdakaoko Falange Espainiar
Tradizionalistako (gaztelaniaz, F. E. T.) eta Ofentsiba Nazional-Sindikalistako
Batzarretako (gaztelaniaz, J. O. N. S.) Tokiko Buruak izendatutako Falangeko Erreketeetako
kideen ardura zen.
1938ko azaroaren 17an, Deustuko Kontzentrazio Esparrutik
Euskal Herriko presoak handik ateratzeko agindu ailegatu zen. 19 preso ziren,
eta “Bizkaitik kanpo” sakabanatzeko agindu zuten.
Lekua ez zen aproposa, ezta baldintzak ere.
Osasun-ikuskapen batean salatu zenez, han ez zegoen 45 laguntzeko leku
nahikorik, sueteko kea arnasten zuten eta teilatutik ura sartzen zen.
Presoak bueltatzeko agindua. |
Gainera, 11 presok oinetako guztiz eskasak zituzten, eta
jatekoa “ ez zen nahikoa, ez kantitatez ez kalitatez”, Kontzentrazio Esparruetako
Ikuskaritzaren arabera. Atera kontuak, eurek esanez gero...
Bost presok sarna zeukaten, eta 38ko azaroan beste bi
handik atera behar izan zituzten gaixorik zeudelako. Hain egoera gordinean,
baina, dirua zeukanak baimena zuen baso bat ardo hartzeko janariarekin, eta
tabakoa edukitzeko ere bai.
Presoek hamaika lan egin behar izan zituzten: metrailak
kaltetutako pinuak ebaki (ostean, saldu egingo ziren, merkeago egiteko),
sasitza kendu, 30.000 zulo egin arbolak landatzeko, bideak garbitu, suebakiak
egin, eta baita orduan Elorritxuetatik Santo Domingoraino joian kaminoko zuloak
konpondu ere
Hau guzti jakinda, mendi-magal hauetan zaudenean, gogora
ezazu, zati handi baten behintzat, Deustuko Kontzentrazio Esparruan lan egitera
behartutako presoen sufrimenduari zor diogula.
(Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoan batutako
informazioa)
No hay comentarios:
Publicar un comentario