miércoles, 27 de mayo de 2020

Gure memoriaren jagoleei, agur


Azkenengo asteotan, konfinamendu sasoi ilun honeetan, gure informatzaile kutun bi joan jakuz, Josefi Gaztelu Izkoa eta Kontxi Belandia Lekue. Eta euren belaunaldiko beste hamaika be joan dira hilabeteotan, gure memoria eta historiaren ale txiki baina ezinbestekoak.

Egunotan Josefi eta Kontxigaz izandako barriketaldiak gogoratu doguz Galdakao Gogorako kideok, izan be eurei esker aberastu dogu gure herriaren memoria historikoa, eta baita gu geu be.

Orain urte batzuk alkarrizketatu genduzan Josefi eta Epi ahiztak, eurak jaiotako etxean bertan, Aperribain. Gerra sasoian 10 urte inguru besterik ez eukezan, baina makinatxu bat kontu gogoratzen ebezan. Berbarako, gogoan euken zelan gauero jenteak iges egiten eban herritik, gerratik iges, bakotxak ahal eban moduan: “Tirrin-tirrin, gauero-gauero karroak gure etxe ondotik pasetan entzuten genduzan”.

Josefi Gaztelu Izkoa, gaztetan.


Eta ez euken ahazteko be, euren etxe aurrean, ortuan, miliziano bi lurperatuta dagozala, edo behin euren ama, bonbetatik igesi, Urbiko aterpetxera arineketan doala, zelan gonea zulatuta amaitu eban, baina bera zauri barik. Ez sinestekoa!

Kontxik be sarri-sarri kontau euskuzan umetan bizi izandakoak, bizipen gogorrak baina beti be alai eta umoretsu kontautakoak. Kontxik gogoan eukazan bonbardaketak, zelan ahaztu! “Letxerue” eta “Alcahuete” hegazkinak hurreratzen zirenean egiten eben zaratea ez zan beti bera: “Zaratearen arabera, bagenkien bonba asko edo gitxi, zenbateko kargea ekarren. Zer zan ha!”.



Gerrea ez eze, gerraostea be gogorra izan zan Kontxi eta bere etxekoantzat. “Barkua hartu eta Ingalaterrara goazelakoan, Frantzian agertu ginan, han hiru urte egin genduzan. Han be gerrea hasi, eta Galdakaora buelta behar izan zan”.

Josefi, Kontxi eta beste guzti-guztiei, gure memoriaren jagole fin guztiei, gure eskerrik handiena, bihotz bihotzez. Gugan begoz dan-danak, gure bihotzetan, eta gure memorian.



Testua: Nagore Ferreira Zamalloa - Galdakao Gogora
Erretratua: Josefi Gaztelu Izkoaren familia eta Binke! aldizkaria. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario